FC Barcelona – Athletic Club: kontrakronikie

Hitz egin genezakeen Barçak sorrarazten digun nazkaz. Badakizue, seny, valors, collons, més que un club eta halakoen atzetik izkutatzen denaz, baina gai horrek luzerako joko luke eta aproposagoa da “previa” bero baterako edo artikulu luzeago batean jorratzeko. Hitz egin genezakeen zurrumurru blaugranen inguruan: Tata nazkatuta dagoela aspalditik, Klopp jada fitxatu dutela hurrengo urterako, Messik mundialean soilik pentsatzen duela eta hain dela handia bere itzala ezen zuzendaritza behartzen duen Pinto eta besteren bati kontratua berritzera, euren bikoteak ondo eramaten direlako eta bla, bla, bla. 

barça cantera
Tira, Borboi frankistaren kopa galtzetik zetorren Barça eta ez da giro onik handik. Behingoagatik Camp Noun zerbait ateratzeko aukera genuela sinetsita genbiltzan. Besteetan, ia ia konpromiso edo militantziagatik ikusten dira halako partidak telebistaren aurrean, masokismoagatik ez bada. Honakoan, ordea, itxaropena bazegoen. Are lehenengo zatian hutsekoari eutsi eta gero. Lehenengo 45 minutu horietan Iraizoz bere lekuan ibili da eta partiduko jokaldirik politenean Adurizek baloia zutoinera bidali du erremate ikusgarri batean. Aldaratzea Steven Seagalek gelditu dio Susaetari.

Bigarren zatian, Adurizek merezitako saria lortu du. 0-1 horrek Barça noraezean utzi du baina ez K.O. Jarraian, Athleticek pare bat aukera alferrikatu ditu. Afariko ardo gorriak ez gaitu beldurtzen utzi baina, azkenean, piztia esnatu eta bi minututan markagailua irauli digu. 90. minutuan, nerbioak dantzan jada, Ricok berdintzeko aukera ona izan du baina ez du baloia ondo kokatzen jakin. Lastima, zelai horretatik punturen bat ateratzeko aukera bikaina izan baitugu eta auskalo noiz izango dugun halako egoera aproposik berriro…    

Bitxikeri moduan, telebistan Ezquerro ikusi dugu Zubizarretaren alboan eserita. Barnan bizitzen geratu da ala lehenengo taldearekin jarraitzen al du entrenatzen?

Anuncios