Athletic Club – Real Sociedad: kontrakronikie

Denboraldiko ez-dakigu-zenbatgarren minutuko isilunea. Oraingoan aste honetan Badajozen jazotako ezbeharragatik, zeinean 5 ume hil diren trafiko istripu batean futbolean jolastetik zetozela. Eta gu blogetik klubari irizpide sendoak eskatzen; sudur puntan jartzen zaiena egiten ez dutenean LFP-k proposatzen duen edozerri men egiten diote. Edonola, batzuengatik edo besteengatik, minutu hauek zentzuz husten ari dira. Noizko gosearen kontrako isilunea? Eta Marsellan (beste hiri bat jartzearren) futbolean jolasten duten umeak hilko balira, isilunea ere egingo genuke? Eta Kutxabankek Bilbon egiten dituen desjabetzeengandik jendeak bere buruaz beste egiten duenean? 
SanMiguel
Ah, ez, Kutxabankekoak “kolegillak” direla, bufandak oparitzen dituen sponsorraren moduan. Bideo batean ikusi genuen nola dozena pasatxo ardi sartu (omen) zituzten San Mames zaharrean eta ardi horien artilearekin bufandak egin zituzten, ondoren zaleoi oparitzeko. Arraroa zirudien hain ardi gutxirekin 40.000 bufanda ateratzea baina Bilbokoak izanda, auskalo… Bufanda hartu eta 100%ean akrilikoak zirela ikustean ulertu dugu zergatik Mikel Deuna etxeak pisa saltzen duen garagardoa bailitzan. Hau ez da aitzakia izan mundu guztiak bufanda mierdosoa hartu eta astintzeko. Total, normala da enpresa pribatu batek etekinak ateratzeko Athletic erabiltzea, gainera gezur bat zabalduz zaleon artean, ezta? Gainera, ardiek belarra jan bazuten, metakrilatozko kutxa horietan zer ostia saldu nahi izan zigun klubak duela urte bete? Hura ere San Mameseko belar sakratua zen edo norbaitek belar gehiegi erre zuen?
Futbolari dagokionez Athletic nahiko serio, Muniainen gol puskararte bai gutxienez. Ondoren, Errealari gora joatea besterik ez zaio geratu, beren entrenatzaile bizkaitarrak berezko duen estilo amarrategia ahaztuz. Dena kontraerasoan oinarritu beharrean, baditu Errealak futbolean dotoreagoa jolasteko kalitatezko jokalariak (ez Ansotegi, noski) banakoaren golean erakutsi duten moduan. Hortik aurrera Athletici gol bat bertan behera utzi diote eta azken txanpan Errealak aukeraren bat izan du irabazteko, gehiegizko saria izango zena ezbairik gabe.
Espero dugu hurrengo denboraldian, sarrera gehiagorekin, giro polita egotea. Bitartean ea Athleticzale dotore eta demokrata horiek ez duten maskaradun errealzalaren showa erabiltzen fobia ergelak elikatzeko.
Anuncios