Liga is over: kontrakronikie

Almeria eta Athleticen artekoa hutsean amaitu zen. Jokatu izan ez balute bezala, azkar ahaztuko dugu partida, azpimarratzekorik ez baitzen egon. Azken jardunaldi honetako saltsa beste zelai batzuetan zegoen, eta Liga amaitu denez pare bat hausnarketatxo plazaratuko ditugu gehien estimatzen duzuen blog zurigorrian.

Liga Atleticok irabazi zuen. Bakoitzari berea: Simeonek nazka ematen digun arren lehiakortasuna eta gosea txertatu ditu behinola Pupas bezala ezaguna zen taldean. Edonola, futbol modernoak dakarren duopolioa kolokan dagoela uste duena okertuta dago, Manzanaresekoak horren parte baitira. Atleticok Ogasun Publikoarekin sekulako zorra dauka baina badirudi horrek axolarik ez duela. Desagertuta edo hirugarren mailan egon beharrean, Atleticok Liga irabazi du eta Champions Leagueko finalean dago. Españistanek ez dauka aski Liga adulteratzearekin eta Europako txapelketak ere moldatzen ditu. Zein taldek ez luke nahi zorrik ez balu bezala egin eta jokalari puskak fitxatu ezer gertatuko ez balitz bezala? Bada, Bigarren B mailarako play-offa jokatzen dabilen Ceares bezalako talde batek (atzo banakoa atera zuen Aguilasen). Xixongoen slogana honakoa da “últimos en dinero, primeros en corazón”. BBVAko taldeek, banketxeen etika jarraituz, “primeros con deudas, primeros en adulteración” leloa bere egin dezakete.

FBL-ESP-LIGA-BARCELONA-ATLETICO

Behetik, Osasuna jeitsi egin zen. Urte andana dira suarekin jolasten eta azkenean erre dira. Susto galanta ere jarraitzaile batzuk eraman zutena, lehenengo gola ospatzen zebiltzala hesia apurtu baitzen hainbat pertsona zaurituta atera zirelarik. Zaleak artatu zituzten jokalarien jarrera txapela kentzeko modukoa izan zen, baita Betiseko medikuena ere. Eskerrak Bilardo bankilloan ez zegoen… Osasunak taldea eraldatu beharko du eta, auskalo, aldaketa zuzendaritzatik pasa daiteke. Zor galantak dituzte eta zuzendaritzak badu oposizio argi bat. Archancoren hitzak erabiltzearren, baliteke Osasuna “goberna ezina” bihurtzea eta berak hanka egitea.

unnamed-2

Noski, Iruñeakoen premiak ikusita, Athleticzale asko egongo dira pentsatzen zeintzuk diren Lezamara merke etor daitezkeen Taxoareko harribitxiak, Barçak Laporterekin ematen duen matraka mediatikoa kritikatzen duten bitartean. Uda luzea datorkigu gainera: mundiala, fitxaketen inguruko zurrumurruak, Llorentek oporrak non ematen dituen (El Correok hil ala biziko auzi hau lehenbailehen argitzea espero dugu), Champions aurretiko kanporaketa… Pazientzia, lagunok, pazientzia.

Anuncios