I just can`t get enough: kontrakronikie

Athleticentzat amaitu da denboraldia baina, Celticeko zaleen kantak dioen moduan, ez dugu aski. Ez gara Athleticenak ez diren partiduak telebistaren aurrean ikusteko zaleak, beraz, lasai, ez dugu asteburua etxean sartuta eman. Asuntoa da denboraldia ez dela askorentzat amaitu eta horregatik pare bat ohartxo partekatuko ditugu zurekin.

Futbol modernoaren aurkako ikur xumea den Ceares-ek aurrera egin zuen bigarren b mailara igotzeko play-offean. Argazkietan ikus daitekeen moduan La Cruzek sekulako giroa bizi izan zuen atzokoan. Oraindik bi kanporatze dituzte jokatzear Xixongoek, baina igoera zelaian lortu arren, ikusi beharko da igotzeko erabakia hartzen duten, talde bat bigarren b mailan mantentzea garestia baita.

unnamed

Kontuan hartu Cearesen aurrekontua hirugarren mailako baxuenetarikoa dela. Futbolak ematen dizuna, zelaian irabazten duzuna, diru eskasiak kendu ahal dizu. Eskerrak futbola futbola besterik ez den…

Zelaian igoera lortu duena Eibar da. Igoera historikoa gainera, lehenengo mailan jokatuko baitute lehendabiziz. Edonola, pare bat zalantza sortzen dizkigu egoera berriak. Alde batetik, lortuko al dute behar duten dirua? Hala bada, nola edo nondik aterako dute? Bestetik, Eibar Errealaren talde konbenitua bada, zer nolako harremana edukiko dute bien artean?

Bigarren B maila atzean utzi dute Albacete eta Racingek. Azken hauen kasuan oso bitxia izan zen atzo Sardineron bizi zuten ospakizuna. Bertan, pozez zoratzearren, zaleek “a segunda oe” abesten zuten. Kuriosoki, zelai hura zapaldu genuen azkenengoetan berdin-berdina abesten ziguten Racingzaleek Athleticzaleoi, maltzurkeriaz abestu ere. Athleticen biurteko beltzaren urteak ziren, Murillo eta Iraola pibote lanetan ibiltzen zireneko garaia. Nola aldatzen diren gauzak…

Anuncios