SSC Napoli – Athletic Club: kontrakronika

Txapeldunen Ligako atariko kanporaketarekin hasi da denboraldia. TVEko esatariaren arabera, ez “el Bilbao” errepikatzen zuen Radomir Anticek, atzoko banakoa emaitza “fantastikoa” da. Guk ez genuke hainbeste esango baina ontzat emango dugu, noski, irabazteko puntuan egon ginen era berean galtzeko aukerak ere izan baikenituen. Iraizozek partidaren azken txanpan sekulako gelditua dugu oraindik gogoan…

San Paolo eta Napoli aurreikusitakoa baino otzanagoak izan ziren eta Athleticek bere nortasuna erakutsi zuen. Italiarrek, edonola, ordena, intentsitatea eta kontraeraso galanta dituzte eta, gutxi balitz, Higuain ere badute, Athletici nola jolastu badakiena. Laporterekin izan zuen ika-mika bat, modu negargarrian plantak egin zituen (iragan madrildarraren isla) eta minutu batzuen buruan Muniainen gola berdindu zuen. Hortik aurrera, aukerak bi taldeentzat, zelai erdia indartzeko Valverderen aldaketak eta ezpatak airean San Mameserako.

NapAth

Kanporaketa pasatu ala ez, atzokoak ere Athleticen gabeziak azaleratu zituen: Balenziagaren joko ofentsiboa, Susaetaren odol eskasia (noiz sartuko du hanka indarrez?), Moranen esperientzia falta…  Ez dira albiste, baina horrek ez du esan nahi behingoz konpondu behar ez direnik. Tira, ea San Mamesek laguntzen duen datorren astean.

Anuncios