Athletic-Napoli: Kontrakronikie.

Zelai berria bere osotasunean estreinatu eta Txanpionzeko ligaxkan sartu, dena bat. Mundu erdia, hots Bilbo, pozarren ibiliko da zakilak (eta aluak) lagunartean miazkatzen, Aduriz dela, zelaia gora, giroa behera. Bularra alkandoran ezin kabiturik dabiltzan horiek seguraski mutu asko ibiliko ziren Napolik bigarren zatiko lehen minutuan huts eta batekoa sartu eta gutxira.

Momentu txarretan, 0-1 horrekin  erakutsi behar zen zalegoaren handitasuna, ahotik ateratzen zaigunaren mailan egoteko bederen. Eskerrak golak eragin handiagoa izan zuen zalentuengan taldearengan baino. Tribuna mutu zebilen, hegoaldeko animazio harmaileko gehiengoa eserita bizpahiru taldetxo salbu (bitartean iparraldeko goiko tribunan bazegoen jendea zutik, antza)… eta orduan Napolik bere izaera italiarra inmolatu zuen defentsan egindako bi akats larrirekin. Bata, Athleticek ongi entsaiatutako kornerrean eta, bestea, defentsa eta atezainaren gaizki ulertu batean. Globalizazioaren ajeak izango dira, Italiako talde bati halakoak egiten ikustea ez baita normala.

nap buenaAdurizen lehen golarekin, orduan bai, hasi zen harmaila suspertzen eta hortik aurrera dena izan zen festa, Aida eta bufandak airean. Etxeko nahiz atzerriko kronikek eskeintzen dizkiguten loreek, ordea, ezin dute errealitatea izkutatu. Gabezia handiak ditugu animazio atalean Levanteren aurkako partiduan ikusiko den moduan, eta zelai liluragarri eta polit hau diru publikoarekin eta lan baldintza negargarriekin altxatu izanak inor gutxi asaldatzen du dagoeneko. Autokonplazientzia tristea eta memoria petrala, masarena.  

Amaitzeko, partida amaieran Athleticzale batzuk Napolitarrak txalotu zituzten. Erraza da gisako keinuak irabazterakoan baina, edonola, ultra horiek ez zuten agurrik merezi egunean zehar erakutsi zuten jarrera ikusita.

Anuncios