Alkiza, edo Bilbora etorri nahi ez zuen jokalaria

Zale askok izango dute akorduan Bittor Alkiza. Erdilari fina bezain langilea, ezker hanka dotorekoa eta futbolerako bisio aparteduna. Eta profesionala, oso profesionala, Airbagen esango zuten moduan. Athleticera etorri zitzaigun 1994ko udan, Errealari 200 kilo pezeta baino gehiago ordaindu ostean. Fitxaketa bitxia izan zen, bere aita Iñaki Errealeko presidente izandakoa baitzen garaiotan…

alkiza1

… eta John Benjamin Toshackek, bere burua “cabrón simpático” moduan definitu zuenak, zuzentzen zuen taldea Anoetako aulkitik. Bere agindupean egondako jokalari askoren aburuz definizioa motz geratuko da ziurrenik. Arbitrarioa, autoritarioa eta azalpenak ematearen ez oso aldekoa baitzen Galesekoa. Eta noski, talka egon zen Donostin Bittor eta J.B.-ren artean, duela hilabete gutxi Berriari (esteka) Iñaki Alkizak adierazi bezala:

“Ni presidente nintzela, [Toshackek] esan zidan diru pixka bat atera genezakeela salduta. Nik esan nion presidente izanda ez nuela halakorik egingo. Nik kargua utzi eta bi hilabetera, ordea, Realetik deitu zidaten, esanez Athleticekin ados jarri zirela semea saltzeko. Semea Esako urtegian zegoen oporretan. Deitu, eta berehala itzuli zen; hark ez zuen joan nahi. Baina nik John Toshack ondo ezagutzen nuen, eta semeari argi esan nion joaten ez bazen kontratua amaitu arte jokatu gabe egongo zela. Azkenean, Athleticeko ordezkariekin hitz egin, eta konforme geratu zen. Toshackek Luis Garcia mexikarra fitxatu nahi zuen”.

alkiza2

Bittor Alkizak ez zuen Erreala utzi nahi eta halere Athleticen amaitu zuen jolasten. Konpromisoa erakutsi zuen, beste jokalari askok baino gehiago ausartuko ginateke esaten, eta bere futbol urterik onenak guretzat izan ziren. Komeni fitxaketen intra-istorio hauek gogoratzea, batez ere berdeguneko jokalariak Athleticzale peto-petotzat hartzen dituzten horiek. Guretzat sentimendua dena jokalari gehienentzat lana eta negozioa da. Diruak guztia ahal badu, gogoratu zalegoa dela benetan Athletic eta berdegunekoa futbol-negozioaren erritmora desitxuratzen den 90 minututako antzezpen soil bat.   

Anuncios