EH vs CAT: Ajearen kontrakronika ez futbolistikoa

Euskal Herriko kaleetan ez da izan azken asteetan giro berezirik selekzioaren partidaren inguruan eta Alderdi Popularreko eskuin hegaleko aurrelaririk behinena izan zen bakarrenetarikoa, bakarra izan ez bazen Kerejetarekin batera, sensum vacuum saltsa apur bat jartzen. Ez da harritzekoa espainolak izatea halako partidak berotzen onenak, gogoratzea besterik ez dago Vocentok El Correo eta Diario Vascoren bitartez derbiak desitxuratzeko erabiltzen dituen bi diskurtso kontrajarriak, biak ala biak ezin biktimistagoak. Alavesek plazaratu agiria, euren jokalarietatik deialdian inortxo ez egotea salatzen, eta Maroto bekatuaren erantzunkizuna Bilbon kokatzen primeran zetorkion inuzenteen egunean jokatzekoa zen partidu bati. “Norbait Bilbon okertu egin da” esan zuen Gasteizko alkateak, barreari ondo eutsiz eta euskal selekzioarekin izan duen betidaniko konpromezua berretsiz. Etorkinak, patata omelette zapuztua, selekzioa… zer izango da hurrena? Biasteriko euskalkiaren defentsa irmoa Euskaltzaindiaren aurka?

Fan Zone kutre bat ere jarri ziguten Areatzan, kanpotar turistek eta akaso bertoko hainbat despistatuk pentsatu ez zezaten hura nazioarteko partidua ez zenik. Kalejira eta poteo luzeak beroturiko aldarrikapenak gora-behera, partida etorri zen moduan joan zaigu. Aurten emakumeek, futbitoak eta rugbyak ere izan dute berea, baina, egia esan, partidu hau aspaldi ikusi genuen. Honek marmotaren eguna dirudi baina, hori bai, urtero-urtero betikoak kutxa egiten, ez bedi euskal futbola minoritario eta underground bilakatu egunetik egunera. Bada, batzuk nazkatu gara patxanga honekin eta etxean goxo-goxo geratu ginen, Urkulluren atsedenaldiko mezu ilusioz beterikoa bezain martzianoa (errealitatetik aldendua, esan nahi baita) aditzen; Artur Mas, gutxienez, errealitateari lotuago zirudien eta eduki zuen minutu apurrean espainolak kritikatu zituen. Batzoki Telebistako esatariak zirrikitu legalen inguruan enegarrenez entzuteak ere kutsu tragikomikoa eman zion patxangari, Vaya Semanitan sartzeko pare. Hurrengo patxangarako abokaturen bat sartuko dugu deialdian, arabarra bada hobe. Non utziko genuen pattarra?

Eta orain zer? Biharamunean zer? Partidu hauek ez dira San Mamesen jokatzen, ez Mendizorrozan ezta Jean Daugerren ere. Herri dinamikak behar dira, ausardia politikoaz gain, eta ez hainbeste folklore eta patxanga deskafeinatu. Lehendakariak “pixkanaka-pixkanaka” mantra gisa hamaikagarren aldiz errepikatzea jasangaitza zaigu. Agidanez, FIFA egutegiarekin bat jokatzea ei da norbaiti otu zaion hurrengo urratsa. Ez al zitzaion ideia bikain hau inori bururatu duela bi hamarkada? Ez dakit ergelak garen, babutzat gaituzten edo bien nahasketa pozoitsua.

Anuncios