Athletic Club – Espanyol S.A.: kontrakronika

Denboraldia luzeegia egiten ari zaio taldeari eta zalegoari. Atzo, Kopako finalerdia izanda, askok eta askok partida amaitu baino lehenago alde egin zuten zelaitik, ohitura bihurtzen ari dena bestalde. Egia da taldearen bigarren zatia eskasa izan zela, aukera bakarrak bisitarienak izan zirela, baina hainbeste jokoan egonda, joaneko partida izanda, ez da hori hain preseski “munduko afiziorik onenari” (barreak, mesedez) eskatzen zaiona.

Ilusio kontua dago, hein batean, guzti honen atzean. Nekatuta, pott eginda, gogo gabe, partida larregi, joko eskasegia, ondo karburatu ezinik, jarraipenik ez…. guzti horrek abailduta utzi gaituela dirudi. Espanyolek, ordea, izan zuen kemena zelaian eta agidanez euren zaleen artean ilusioa piztu da kanporaketa honekin. Ezin berdina esan Bilbon. Giroa artifiziala dirudi. San Mames atzo handi geratu zen. Harmailetan eserleku asko hutsik, batez ere hegoaldeko goiko harmailan. Business-a eta ilusio falta, eskutik..

10945903_798064866913866_6843865431250551899_o.

Berdegunean Espanyolek ondo itxi zuen erdiko jokoa eta hegaletan kamuts ibili zen gure taldea. Adurizen gol puska ozta-ozta buruturiko jokaldi batean ostean heldu zen eta Espanyolena Aurtenetxeren akats argi baten ondoren. Hortik aurrera aurrelari perikitoen punteria faltak eta zutoinak aldeko izan genituen. Halaber, Valverderen aldaketek ez zuten taldea berpiztu. Viguerak ezer gutxi eman digu orainarte, beraz ezer gutxi eskatu dakioke. Jokoa emango zigun erdilaria behar genuen eta Aketxe bandan jarri zuen misterrak. Eta gu Unai Lópezen zain.

Itzulerako partidarako aukerak ditugu baina gaur egun ikusten dugun talde grisarentzat Cornellako giroa larregi ez ote den izango pentsatzen gabiltza, burumakur. Edonola, zalegoak eskeintzen duena burutik kendu ezinean gabiltza. Jendea ez bada kapaza azken ordu laurdenean bere lekuan gelditzeko taldeari azken bultzada emateko, nahiz eta honek ez merezi, zer gertatuko da, kasualitatez, finalera heltzen bagara? Zeren kasualitatea behar du izan hain joko kaskarrarekin hain urrun heltzea. Tira, finalera heltzekotan gure artean joko gara sarrera puta batengatik, prezioak puztuz? Autobus batean sartuko gara 500 km egiteko Barçaren aurka enegarrenez galtzeko?.

Fideltasuna, behinola eduki genuen zer edo zer hura.
Anuncios