Torino – Athletic Club: kontrakronika.

Okerrena espero genuenean, hara! Harro egoteko moduko partidua. Aduriz etxean lagata bazirudien Valverdek Europa League bota nahi zuela. Jokaldi arriskutsua, ordea, bikain atera zaio emaitza ona dakarrelako etxera. Hasi baino lehen taldearen lehiakortasuna airean zegoen, hiru txapelketa larregi zirela-eta ilusio gutxi giroan. Bazirudien iraganeko mamuak berpiztu nahi zirela, Peña Deustukoek Bielsa handiari egindako bisitatik hasita (ulergarria, txalotzekoa eta Rosariokoaren itzal itzelaren adierazle) zale bakan batzuk Llorenterekin batera Turinen ateratako argazkietara. Ematen baitu, hein batean bederen, zalegoak zauri batzuk ixteke dituela oraindik.

Lehen zatian Torinok martxa bat gehiago sartu du Williamsen gol goiztiarra irauliz baina bigarren zatian Valverderen erabaki taktikoek, gaur bai!, eta aldaketek bizirik mantendu dute taldea, binakoa lortzeraino eta irabazteko aukerak ere izanda. Ez diote aurpegia galdu norgehiagokari eta ez da gutxi taldearen denboraldi osoko itxura ikusita.

Athletic Bilbao's Inaki Williams celebrates with his team mate Iker Muniain after scoring against Torino during their Europa League round of 32 first leg soccer match at the Olympic Stadium in Turin

Izen batzuk aipatu beharko genituzke: Williams, Gurpe bere gol izugarriagatik, San Jose baloiak mozten fin ibili baita eta Beñat behingoagatik baloi on andana jarri dituelako; baina benetan azpimarratzekoa Muniainena. Bigarren zatian puntaerdi lanetan aritu da eta Torinokoak zeharo zoratu ditu, hamaika falta eta arerioentzako txartel horiak lortuz. Itzulerako partidurako zentratuta hasi behar du partidua bai ala bai. Hor egin die min izugarria italiarrei.

Anuncios