Espanyol – Athletic Club: kopa finalerako txartelaren kontrakronika.

Sinesgaitza. Dena aurka eduki eta mahai gainean ukabilkada bat eman. Txapelketa osoan jolastu dugun partida on bakarrak finalerako txartela eman digu. Lehenik eta behin, txaloak Valverderentzat. Behin baino gehiagotan kritikatu dugu, neurritasunez ere esan beharko, batez ere bere kaleratzea eskatzen zutenekin konparatzen bagara, horregatik azpimarratu behar da garaipenaren zati handi bat jokalariak animikoki berreskuratzean egon dela. Aurten bizitako hamaika gora beheren ondoren aldagelako lan psikologikoa balorean jarri behar da. Jokalariak tentsioarekin zelairatu dira eta beren aukeretan sinestu dute.

Horrezaz gain, Muniainek min egiten duen tokian jokatu du, puntaerdian alegia, Iraolak atsedena eta kalitatea jarri ditu aurrerago jokatuz eta Williamsek abiadura eta gogoak, nahiz eta oraindik buruz buruko jokaldietan berde egon. Misterraren hautu apartak horiek ere. Bestela, Aduriz bere ibilbideko momenturik gozoenean dugu eta geldikako jokaldiei zukua ateratzen jarraitzen die taldeak. Lehenengo zatiko 0-2 hori mantentzea uste baino errezagoa izan da azkenean.

Espanyoli dagokionez, zaleak partida amaitu baino dezente lehenago alde egiten ikusteak munduko afiziorik onena ekarri digu gogora. Zein itsusi ikusten den besteek egiten dutenean, ez al da hala? Gainera, etxekoek aldeko kornerretan jartzen zuten beisbolerako-edo musikatxo yanki hori nazkagarria izan da. Futbolak ez du horren beharrik, gustu apur bat mesedez. Finalerako Barça, baina horri buruz beste egun batean hitz egingo dugu.

Anuncios