Garitano, háblame en cristiano

Azken hilabeteetan futbol-politikan adituak diren komunikabideek etengabe zigortu gaituzte Espainiar ereserkiak merezi ei duen errespetuarekin. Atzokoan Garitanok eta ETBko langile den Urkiolak Almeriako kazetari ultra pare baten ahotik pairatu zutena ikusita, aurki euskaraz mintzatzea gizabide gutxiko ekintza neandertal eta, bereziki, antiespainola bilakatuko da, jadanik ez bada hala. Aurrera jo baino lehen, hauxe ika-mika:

Garitanoren jarrera txapela kentzeko modukoa izanagatik Almeriako prentsa arduradunarena ez da atzean geratzen. Edonola, azken honen hitzetan igerri daiteke botere harremana dela gakoa hizkuntz minorizatuen aferan. Barça aipatzea ez da ausazkoa; aitzitik, erakunde boteretsu bat da, proiekzio internazionala duen ikurra. Almeria ez da deus Barcelona lako erraldoiaren aurrean eta, beraz, errespetua merezi dute Masiakoek. Eibar, aldean, talde txiki igoberria da, Almeriaren antz handiagoa duena. Jakina, errazagoa da abarkadun armagin arloteak zirikatzea, uler bedi autoironia, Barcelona baino. Boteretsuarekin apal, norbere tankerakoekin zital, honatx faxismoaren ezaugarrietako bat.

Noski, jakin badakigu Guardiolari ere noiz edo noiz aurpegiratu izan diotela katalanez hitz egin izana; eta oroitzen dugu Espainiako selekzioaren prentsa aurreko batean Sergio Ramos jakintsu eta kosmopolitak Pirquéri egindako gustu txarreko txantxa. Baina errazagoa izan ohi da halakoei aurre egitea Guardiola edo Piqué zarenean eta ez Garitano edo Agné, 2011n Gironako entrenatzailea zena.

Finean, españolismoarentzat euskaraz mintzatzea ekintza zeharo politikoa da, gazteleraz mintzatzea neutrala eta naturala den bitartean. Horregatik aldarrikatzen zuen Patxi Lópezek euskara “askatasunean”, zernahi zelarik slogan maltzur hura. Horregatik Idoia Mendiak gogorarazten zigun gazteleraz bakarrik mintzo zirenen “eskuzabaltasuna” euskaldun elebidunekin. Hots, Garitano oso berekoia izan da euskarazko galdera bati euskaraz erantzuten. Berekoia, inposatzailea eta identitarioa. Euskaldun txarra.

Garitano

Boteretsuak nahieran desitxuratzen du errealitatea, dela nazionala dela diglosikoa. Erraza da arazoa ustezko errespetu falta batetara murriztea eta are errazagoa errua euskaldunoi leporatzea. Horrela, euskararen egoera alboratuz, aipatu beharrik ez dago Almeriako bi kazetari horien (batak antza ez du ezta titulurik baina hori gutxienekoa da) edota PSOEkoen hitzen atzetik ezin disimulatu daitekeen ikuspegi nazionalista. España bakarra dute maite, baita lingüistikoki ere alajaina!, baina España ezin daiteke bakarra izan ez bada inposaketa bidez. Euskara folklore bezala baino ezin dute onartu, sekula santan eskubide bereko. Euskaldunak bigarren mailako nahi gaituzte, klitxedun filmetarako apropos, zortzi abizen ezin puruagoen atzetik dabiltzan sasiarrazistak bezala.

Almeriara itzuliz, han jazotakoa futbol kazetaritzak bizi duen egoera penagarriaren beste kapitulu bat besterik ez da. Futbola espainiar kohesiorako eta egungo gizartearen hainbat balore nazkagarri sustatzeko erabilia den heinean, guztiz politizatua eta babestua egonda, ez da harritzekoa kazetaritza ere pareko ibiltzea: Roncero eta Intereconomiakoak; Manolo Lama eta enparauak eskale bati iseka; egun mahai-inguruetan ezagun egin den eta hainbat urtez Marcako, Espainiako egunkaririk irakurrienaren, zuzendari izandako Eduardo Inda eskuindarra; Bielsari Vocentok Asturiasen duen egunkariko kazetariak galdetutakoa…  Itxura guztien arabera, etenik izango ez duen soka etsigarria.

Anuncios