Athletic Club – Villarreal: kontrakronika.

Amaiera ezin hobea Ligari: 4-0 Marcelino nazkantearen taldeari eta Europarako txartela. Valverden esanetan denboraldia “bikaina” izan da, gehiegitxo gure ustez ikusitako ibilbide gorabeheratsuarentzat. Kopa altxatzeak emango liguke bikaintasuna, ez besterik. Edonola, UEFA Leaguerako txartela eskuratzea sari polita da eta atzokoan jokoan zegoena jakinda harrigarria zen eserleku asko hutsik ikustea. Pentsaezina duela hamar edo hogei urte. Ea goitik hausnartzen duten.

Puntu eta aparte Iraolarentzat. Ahotsa altxatu gabe, xume-xume, aurpegia ematen momenturik zailenetan, jeistear egondako urteetan euskarri lanetan jokatuz, bere urterik gozoenak Caparrosen estilo grisean murgildurik, jokalari konprometitua eta eredugarria oso izan da Andoni. Atzoko omenaldia, San Mameseko publikoaren txera, nekez eros daiteke diruarekin.

Herri Harmailak egindako opariak eta Iraolak Txoria Txori abesteak detaile esanguratsuak izan ziren. Urrezko bota, Bilbon handitasuna neurtzeko beste eskala bat dugulako, eta Laboak ospetsu egindako hitzek laburbiltzen dute club honen izaera zein den, zeri eutsi behar diogun.

Anuncios