Viguerak eta Elustondoak

Hautsak harrotu ditu Elustondoren fitxaketak, eta ez da gutxirako. Realean ezer gutxi erakusteaz gain, ez du etxean daukaguna hobetzen. Horretarako, labur esanda, hobe fitxa bat eta dirua aurreztea. Bestelako jokabidea eskatu beharko litzaioke haztegian sinesten duen klub bati, baina ezin daiteke koherentziarik espero filosofia bere kaxa moldatu dutenengandik edo prentsaurrekoan gauza bat esan eta kontrakoa egiten duen zuzendariarengandik.

Ez gara, askotan errepikatu dugun moduan, Illarramendi bezalako jokalari top batengatik izugarrizko dirutza xahutzearen aldekoak. Kontua sinplea da: zalego zurigorriaren ilusioa ez litzateke fitxaketen menpe egon behar; eta hala gertatzen bada, arrunkeriaren seinale izango da. Zilborrari begira denbora larregi eman ohi du athleticzaleak, zein desberdin eta berezi garen aldarrikatuz, azkenik konturatzeko gainontzekoekin antz ikaragarria duela.

Ilusioa hizpide dakargu Latxagaren hitzen harira (http://juegodecabeza.com/realista-realismo-ilusionante-ilusionismo/). Monreal-Raul Garcia-Azpilikueta bezalako fitxaketekin etengabe amesten dabilena kazetariek hamaika aldiz errepikaturiko ditxosozko mantra horren biktima besterik ez da, zale neurotiko samarra. Mendieta ez zen inoiz etorri, eta? Hemen jarraitzen dugu. Bihotz beroak ezin du buru hotza makurrarazi.

Elustondo

Zuzenki esanda, aurtengo fitxaketek, Elustondorena zabaldu baino lehen, badakarte bere itxaropen, ilusio eta arrazoi dosia. Boveda Eibarren jokalaririk onena izan da aurten eta bigarren taldera doan Arellano Barçaren labela dakar; biak ala biak beharrezkoak dira, bata Iraola ordezkatzeko eta bestea aspalditik jasaten dugun ezker hegaleko arazoari balizko irtenbidea emateko epe motz-ertainean. Erasok, aldiz, denboraldi aparta egin omen du Leganesen. Nekaezina baina teknikoa, hainbat gol sartu ditu Mikel Ricorekin alderatua izan den nafarrak.

Arazoa Elustondo da, besterik gabe. Ez da gaztea, ez da ona, euskarrian baditugu San José eta Iturraspe eta ongi kobratuko du. Askok justifikatuko dute bere etorrera, atzelari moduan jokatuko duelakoan, baina guri ez zaigu arrazoi nahikoa begitantzen, ez bada Laportek hanka egingo duelako. Aulkia berotu eta bapo kobratu zuten askoren antza hartzen diogu Gorkari. Andoni Imaz dugu bereziki akorduan. Dinamo Tiblisiri sartu zion golaren ondoren ez zuen kasik jokatu. Bere hurrengo ekarpen nabarmenena kirol munduan Tolosan egin zuen, arlo horretako zinegotzi atera baitzen EAJri esker. Atera kontuak.

Erdipurdiko maila, ekarpen are baxuagoa eta soldata bikaineko jokalari larregi ditu klub honek. Toquero, Sola eta Viguera, hiru aipatzearren. Bestalde, zelai erdiak overbookinga du, kalitatezkoa gainera, Elustondo fitxatzeko premiarik ez izateko. Hartutako erabaki okerrekin galdutako dirua aurreztu izan balitz agian posible zatekeen Monreal bezalako fitxaketa beharrezkoagoak (lehenago?) gauzatzea. Jakin badakigu zaila dela fitxaketekin asmatzea, baina “euskaldunak” (kantabriar eta errioxarrak barne, badakizue) diren jokalari guztiak ezin daitezke hala nola fitxatu. Bide batez, nork erabaki du Elustondo ekartzea? Txingurrik, Amorrortuk, Urrutiak edo Kutxabankek?

Esanak esan, Elustondok, gainontzeko aberats goiztiarrek bezala, gure babesa edukiko du berdegunean, ezin garelako Anoetako parrokiak egindako akats berdinean erori jokalariari txistuka eginez, denontzat kalte litzatekeelako. Aurreikuspenak ez dira onak baina zinez espero dugu Elustondok markak apurtzea. Esaerak dioen moduan, bere zortea gurea izango da. Edonola, erdipurdiko jokalariak ahaztuta eta irizpide sendoagoak ezarrita (akaso Monchi behar dugu Ibaiganen), fitxaketek jada dagoena hobetu beharko lukete, 20 kilo inguruko dirutzak ordaintzera heldu gabe, eta, noski, filosofiarekin bat etorri, ez Urrutiak nahieran darabilen sasifilosofia txikle horren baitan. Gehiegi eskatzea al da?

Elus2

Anuncios