1, 2, 3, 4… guztiak lurrera [Harmailatik]

Horixe irakurri genuen Adurizen ezpainetan, euskaraz irakurri ere, horixe ari baizitzaion aurpegiratzen irrifar urduriko Iñigo Martinezi lehenengo zatiko enegarren jokaldi polemikoaren, uler bedi batailaren, harira. Botatzen zirela ziotson Adurizek, ikusi bestela Illarramendiren gelditua area barruan edo Carlos Velaren manerak, Etxebek erabiltzen zuen antzeko igerileku portatilarekin jokatzen duela dirudi. Bainujantzia bakarrik faltan.

Eta bai, noski, penaltia eztabaidaezina da. Baliteke arbitroak Illarra oraindik zuri madrildarrez jantzita ikustea, hortik erabakia, Moyesek prentsa aretoan txalotuko zuena. Nola ez ba, puntua horri zor zion hein handi batean-eta. Hobe luke, aitzakiak ipini beharrean, duen aurrekontu eta plantillari zuku hobea ateratzea, atzo Valverdek taktikoki zeharo gainditu baitzuen laguna. Athletic gehiago izan zen jokoan baina punterian eta azkenengo paseetan, puntaerdiko Raúl Garcíaren lana izan beharko lukeena batipat, huts egin zuen.

Minutuak pasa ahala ez zen golik eta partida hain irekita utzi izanak ere zer pentsatu eman beharko luke Lezaman, Errealak irabazteko parada ere izan baitzuen. Eskerrak taldearen itxura joan den irailekoa baino hobea den; eta itxuraz gabiltzala, bidenabar, Anoetako harmailek eskeinitakoa ere nahiko deskafeinatua derbi batentzat. Honetan bai lagun Bilbo eta Donosti: sarreren prezioarekin txokoan nahiz soziedadean ederki afal daiteke jokaldien errepikapena telebistan ikusiz.

*https://twitter.com/binbonbanblog/status/643416760302092288

CO3gIiIVEAAklEg.jpg-large

Anuncios