Euskal Antzerki Futbolzalea

Kasualitatea izango da baina azken boladan futbolarekin loturiko pare bat antzezlan aurkeztu dira gurean. Futbolisto baten konfidentziak, Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa, izan zen lehena eta Jokoz Kanpo lana izan da azkena, aurten estreinatu baitu Borobil Teatroa konpainiak.

Futbolari karrera amaituta, Errealeko jokalari ohiak musika, telebista eta antzerkia jorratu ditu, norabide berria emanez bere ibilbideari. Bakarrizketan bere futbolari garaiak dakartza gogora tonu komikoan, lehenengo mailan debutatu zuenekoaren nondik norakoak eta beste hainbat. Behin baino gehiagotan adierazi duenez, Clementek zelairatu zuen artean ezin indartsuago zebilen Hasselbaink markatzeko. Honatx ondorioa Gurrutxagaren hitzetan: “nire debut sexualean bi minutu iraun nituen; lehenengo mailan 72”. Clementek, hori bai, jokalari gaztea zoriondu zuen egindako lanagatik.

Herriz herri ibili da Gurru bere bakarrizketa aurkezten. Guk, ordea, ez dugu berau zuzenean ikusteko aukerarik izan eta twitter bidez artikulu honetarako data gehiagori buruz galdetu diogunean ez dugu erantzunik jaso. Momentuz ezin jakin, beraz, eman dituen elkarrizketetan kondentsatu dituen bakarrizketaren pasarterik onenak edo sorpresa gehiago gordetzen dituen.     Athleticen jokalari batzuk, ordea, iritzi sendoagorik izango dute, Bielsak Gurrutxaga fitxatu baitzuen emanaldi pribatu batetarako, troparen animoak goratzeko edota aldagelako giroa baretzeko.

Jokoz Kanpo, bestalde, fikziozko antzezlan bat da, errealitate dosi itzelak biltzen dituen arren. Eszenaratze soil baina biziki eraginkor batekin, hiru aktoreek hainbat pertsonaien paperak jorratzen dituzte umeen futbola hizpide duen istorioaren barruan. Lanaren tratamendua komikoa izanagatik ez du ahazten zein puztuta, desitxuratua eta arazo sozialez josia dagoen umeen futbola, berau txertatuta dagoen gizarte eroaren isla eta biktima dena. Alde horretatik, barre andana eragiteaz gain, hausnartzeko parada ematen du Jokoz Kanpo lanak, hainbat eta hainbat jarrera eta pertsonai ezagunak, ezagunegiak, egingo baitzaizkio ikusleari.

3899jokoz-kanpo_1433835914

Esandakoari gidoi bizia, pertsonaien galeria zabala eta Apaolaza, Hormaza eta Sota aktoreen lan bikaina (zinez, chapeau) gehitu behar zaio. Laburbilduz, oso gomendagarria.

Eta ezin amaitu zutabetxo hau zalantza pare batekin. Bi antzezlan hauek adibidetxoak baino ez direla badakigu, baina zergatik gero ETB1-ek, adibidez, ez ditu halakoak emititzen, behin lanek oholtza gainean egindako bidea agortuta? ETB-ko arduradunentzat “Kutsidazu bidea Ixabel” eta pastoraletara mugatzen al da euskal antzerkia? Konpainiak eta aktoreak dira halakorik nahi ez dutenak ala beste batzuen itsutasuna? Hainbeste telezabor eta atzerriko ereduen kopia merkeen aurrean faltan botatzen ditugu etxeko kalitatedun produktuak, izan antzezlan, laburmetrai, musika emanaldi edo beste edozein.

JOKOZKANPO-1024x775

Anuncios