“Iñigo hiltzeagatik saritu egin dituzte”

Finarenak, Iñigo Cabacasen amarenak, dira goiburuko hitzak. Iragan igandean Berria egunkariak Pituren gurasoei egindako elkarrizketatik ateratako pasarte bat da. Lau urte igaro dira Pitu hil zutenetik eta oraindik justizia aldarrikatzen dabiltza senide, lagun eta bere izena daraman harmailak. Hori dela eta, elkarrizketa horretatik ateratako pasarterik esanguratsuenak hona ekartzea beharrezkoa dirudi.

Manu: [Estefania Beltran de Heredia] sailburu berria izendatu zutenean telefonoz deitu zidan eta esan zidan prest zegoela laguntzeko auzia argitze aldera. Bi urte geroago harekin batzartu nintzenean inpresioa eman zidan nahi zuela baina bere alderdiaren gatibu dagoela. Asko mindu ninduen horrek, baina, egia esateko, ez diot herrarik, uste dut politikaren gatibu dagoela.

Manu: Hauteskundeen aurretik EAJk esaten zuen gobernura iritsiz gero ahalegin guztiak egingo zituztela gertatutakoa argitzeko. Eta nik sinetsi egiten nien. Jaurlaritzan sartu eta hamabost egunera aldatu zuten iritzia.

Fina: Gugandik ihesi ibiltzen dira, EAJkoak ere bai. Badirudi geuk haiei egiten diegula kalte. Hori guretzat oso gogorra da. Gogora institutuaren inaugurazio ekitaldian egon ginen, eta Aintzane Ezenarro gure ondotik pasatu zenean, nire ahizpak irakurri zizkion bezperan El Correo-n egin zituen adierazpen batzuk. Ez zion ezer txarrik esan, Ezenarrok berak egindako adierazpenak gogorarazi baino ez. Eta Ezenarrok bizkarra eman zigun, eta eskuarekin keinu bat egin zigun, bakean uzteko esanez bezala. Gero, Bilboko Areatzako ekitaldian [Memoriaren Plazaren inaugurazioan] nigana etorri zen eskua ematera, eta esan nion ezetz, ez niola eskurik ematen. Beharbada gaizki jokatu nuen, baina oso minduta nengoen.

Manu: Ares, Buen, Patxi Lopez eta gainerako arduradun politikoek erantzukizuna euren gain hartu, eta azal dezaten zertara etorri zen balentria hura, zergatik horrenbeste gorroto. ETA desagertuta zegoen, kale borrokarik ere ez zegoen, eta zergatik mendekua hartzeko grina hori?

Fina: Orain, Madrilen daude denak. Lau urteren ondoren, ondorio hori ateratzen dut nik: hiltzeagatik saritu egin dituztela. Eta gero, telebista piztu eta Patxi Lopez «ibilbide garbia duen politikaria» dela entzun behar izatea ere!

Fina: Niri futbola ez zait inoiz gustatu, baina orain Athleticen partidak ikusten ditut telebistan, badakidalako Iñigoren lagunak han daudela eta Iñigoren aldeko ikurrak haizatuko dituztela. Nolabait, Iñigo han bueltaka egongo balitz bezala da.

Manu: Jende asko gurekin egon da, baina egon behar zuten batzuk ez dira egon. Eta hori oso tristea da, Iñigori gertatutakoa edozeini gertatu ahal zitzaiolako. Bildukoak gure ondoan egon dira beti, eta badirudi batzuek hori ez dutela ondo ikusten eta ezkerrarekin bat egitea leporatzen digutela. Aizu, ba besteak ere etor daitezela, nik laguntza guztiei eskatu diet eta! Hau ez da politika egitea: arazo honetan gizarte osoak erreakzionatu behar zuen, eta ez da hala izan.

Fina: Julen Arzuaga, esaterako, oso ondo portatu da gurekin. Eta Andoni Busquet Basauriko alkatea ere bai.

Manu: Hori egia da. Instituzioetatik, horixe izan da gurekin ondo jokatu duen bakarretako bat. Andonik ez du ihes egiten, ikusten nau eta niregana dator besarkada bat ematera.

Manu: [Ugartekori buruz] Egin duena egin ostean salaketa jartzea familiari barre egitea da. Zer nahi du? Gu are gehiago umiliatzea? Gu iraintzea? Hori da polizia izateko modua? Nik beti esan dut morroi hori kalean egotea arrisku bat dela. Beharbada pentsatzen du horrekin beldurtuko garela; bada, jai dauka. Kexu da honekin bere ibilbide profesionala amaitu omen zaiolako. Niri ere amaitu zitzaidan, gainean neukan guztiarekin lana utzi egin behar izan nuelako. Baina lana ez ezik, bizitza ere kendu didate, semea hil egin didatelako.

Anuncios