Periko eta Iribar, berdegunetik aldarrika

Urte bat inguru Periko Solabarria zendu zenetik eta, ziurrenik, irakurle asko dagoeneko galdetzen ariko dira zer zerikusi duen militante ezkertiarrak Athleticekin eta blogaren edukiekin. Pazientzia, arren. Gutxi akaso baina bada harremanik.

Haren berri izan ez duenarentzat zaila da Perikoren ibilbidea bi hitzetan laburbiltzea. “Apaiz gorria” Frankoren garaietan, behargina ororen gainetik, Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen, baita hamaika borroketan engaiatu, azken minuturarte egin ere. Guzti honen eta askoz gehiagoren xehetasunak bere ibilbidea errepasatzen duen “Periko gazteekin hizketan” (Txalaparta) liburuan aurki daitezke. Bertatik bizpahiru pasadizo hautatu ditugu.

Hasteko, Periko Meatzaldeko herrixka batean apaiz ibili zenekoa. Apaiz izateaz gain irakasle ere bazen. Bere ospeaz jakitun, falangistak Periko kate motzean lotzen saiatu ziren eta inspektorea eskolatik agertzen zitzaien hilabetero. Ez zen oso pozik ateratzen, haatik:

“Inspektoreak bisita hasten zuen esanaz “orain Cara al sol abestuko dugu”, baina haurretako inork ez zekien, berau ikasi eta abestea derrigorra zen arren. Falangistak sutan jartzen ei ziren, eta ahalegindu ziren Periko Trianotik botatzen, emaitza kaskarrekin. Ez pentsa haurrek kantatzen ez zekitenik, behin neskatila batek falangista-inspektoreari esan baitzion Cara al sol ezetz baina Athleticen hamaikakoa abesten bazekitela”.

Hara Perikoren azalpena:

“Athletici buruz jakin beharra zuten, garrantzitsua baitzen, baina Cara al sol…”

Ildo honetatik, ezin ahaztu Edorta Jimenez idazlearen hitzak: “Athletic aberria zen”. Izan ere, frankismoaren urte gris haietan Athleticek argi eta garbi irudikatzen zuen bere baitan nazio azpiratu bat. Behintzat, halaxe zen askorentzat.

70 eta 80. hamarkadetara salto eginez, HBko mahai nazionalean aurkitzen dugu Periko. Bertan, jakina denez, Iribar ere ibili zen. Egun, ordea, badirudi Iribarrek ez duela gai haietan sakondu nahi, “La patria del gol” (Alberdania) liburuan ematen dituen erantzunak kontuan hartzen baditugu behintzat. Horrela mintzo zen Periko garai haietaz eta Iribarri buruz:

“Mahai nazionalean geunden biok. Oso ondo azaltzen zituen kontzeptuak; hizlari ona zen. Nire bila etortzen zen obrara, elkarrekin mitinak ematera joateko edo Donostiara batzarretara joateko. A ze auto puska zuena! Bost eta erdietan irteten nintzen lanetik, eta obrara etortzen zen bila, tenore horretan, Arrontegiko zubira. Oso jatorra zen, eta nire lankideek, zeintzuek begiak atera beharrean egoten ziren Iribar nire bila etortzen zenean, galdera pila egiten zizkioten, eta berak adeitsu erantzun”.

Jakina denez, haiek ere (noiz ez dira izan, bada?) langileen borroka urteak ziren. Futbolean ere iger zitekeen:

“Behin, Perikok [Iribarri] eskatu zion ea utzi ahal zien pankarta batekin sartzen San Mames estadiora. Ez zen oroitzen zein zen aldarrikapen zehatza, baina, Iribarren laguntzaz, atsedenaldian, zelaira sartzeko aukera izan zuten, eta buelta osoa eman. Perikori (…) prakaren botoia hautsi (…) eta prakei eta pankartari batera eutsi beharrean ibili behar izan zuen San Mames zaharrean”.

Kasualitatez, “San Mames: Historia eta memoria” liburuan pasadizoa ilustratu dezakeen argazki bat agertzen da. Bertan, langile batzuk agertzen dira

no al cierre de euskalduna. 84

“No al cierre de Euskalduna” pankartapean martxan. 1984ko abenduaren 16a zen, Barçaren aurka jokatu baino lehenagoko instanteak, liburuak dioenagatik. Akaso Perikoren oroimenarekin bat dator argazkia; akaso ez. Edonola, Iribarri zor zaio Perikok gomutan zuen keinua:

“Iribar eskuzabala zen gurekin, baina Iribar, Iribar zen. Clementek ere bazuen suhia espetxean, anaia HBko zinegotzi Barakaldon… Baina ez dut uste gurekin horrela portatuko zenik. Haren oso oroitzapen ona dut”.

Irakurleak jakingo duen bezala, Clementek beti aldarrikatu du bere jeltzaletasuna. Bestalde,  eta tamalez, gaur egungo betaurrekoekin sinesgaitza dirudi berdegunetik langileak manifestazioan ikustea. Garai txarrak bizi ditu langilegoak eta Periko bera ere horren jakitun izan zen azken momenturarte:

“Beldurra sartu nahi izan digute [langile klaseari], eta orain limosnekin bizi gara. Irentsi, irentsi eta irentsi besterik ez dugu egin. (…) Irabazi egin dute gu desmobilizatuz. (…) Eta oraindik ere San Mames Berrian langileak esplotatzen ari dira! Athleticeko zaleek eurek ere ez dute hor lagundu; greba egin behar litzateke hor; tribuna geratu, belarra kendu…”.

Egia da. Badirudi zalegoari urrun geratzen zaizkiola aldarrikapen haiek, Atotxako ikurriña ezkutua edota, esaterako, 1977ko apirilaren 24an Errealeko eta Athleticeko jokalariak amnistiaren aldeko pankartarekin atera zirenekoa. San Mamesen historia jorratzen duen liburu beretik atera dugu argazkia. Bertan Iribar ikus dezakegu pankartari eusten. 2015-2016 denboraldian, ostera, Athleticeko pare bat zaletuk gutxienez isuna jaso dute euskal polizia “autonomoa”-ren eskutik amnistiaren aldeko ikurrak San Mamesen erakutsi izana leporaturik. 40 urte eta gero spanish democracy delakoak bere horretan dirau.

amnistia 77

Anuncios