Extremadurako komunistak San Mames zapaldu zuenekoa

Juan Puerto Morcilloren izenak ez dio askorik izango gure irakurleoi. Guri ere arrotza zitzaigun igandean Berriak hari egindako elkarrizketa argitaratu arte (https://goo.gl/NF0bV1). Extremaduran jaioa gerra zibilaren urteetan, gerraosteko errepresioa ezagutu zuen eta Bilbora etorri 1960an. Komunista gisa aurkezten du bere burua eta egun Alternatiban dabil.

p054_f01

Argazkia: Monica del Valle / Argazki Press

Edonola, atentzioa deitu zigun nola bizi izan zuen Athleticzaletasuna urte haietan. Honatx bere hitzak:

“Alemaniara eta Kataluniara joateko aukera ere izan nuen, baina Bilbok tiratzen ninduen gehien. Gure herrian bazen bizartegi bat, Athleticeko bizartegia deitzen geniona, eta Athleticen jarraitzaile asko biltzen ziren han inguruan; neu, tartean. Bilbora etortzeko gogoa neukan, eta adiskide batzuekin animatu nintzen”.

“Athleticen abonatu egin nintzen berehala, eta a zer ilusioarekin joaten nintzen San Mamesera. Nik uste Extremaduratik etorri ginen denak Athleticekoak ginela. Behin, Athletic-Real Madril partidaren aurretik, estadio kanpoan zen batek 60 pezeta eskaini zizkidan neure txartelaren truke. Sarrera batek garai hartan 15 pezeta balio zuen, baina ez nizkion 60 pezeta haiek hartu, nola ba!”.

Morcillok elkarrizketan dioenagatik 450 pezeta kobratzen zituen astean. Atera kontuak eta etorri 2016. urtera. Izan ere, langile etorkin xume batek ia ezinezkoa du San Mames zapaltzea. Okurrituko ote zaion ere ez dugu batere argi. Ez soilik klubak abonatuaren figura ezabatu duelako (ez bada VIP bihurtu nahi duzula) baizik eta futbolak oro har, eta gure kasuan Athleticek, izugarrizko prezioak jarri dituelako zelaira joateko.

athletic

Futbola langilegoari lapurtu digute eta hainbeste hausnartzen ei duen gure zuzendaritza taldeak eta bere txotxongiloa den Fundazioak ez dute ahalbidetuko futbol inklusiboago bat, egun bogan dagoen terminoa erabiltzearren. Proletalgoa itsusia da, izerdi egiten du eta, uztekotan, oihuka eta guzti egingo du igandero harmailetan. Bestelako bezeroak nahi dituzte Urrutia eta enparauek. Baina, berriki joan zaigun iraultzaile baten hitzak parafraseatuz, historiak ez ditu absolbituko.

Anuncios