EAJ-ren preso den selekzioa (EUS vs Tunez)

Sarrera eskasa, 15.000 pertsona inguru, euskal selekzioaren enegarren lagunartekoa ikusteko. Harrigarria? Inondik inora. Edo bai, harmailek duela 15-20 urte erakusten zuten itxurarekin alderatuz gero. Zer gertatu da, bada, ordutik hona?

Denetarik egon da baina ororen gainetik asperdura gailendu da. Futbolistikoa, batetik. Urtero kontrakoa sinetsarazi nahi badigute ere edonork daki Tunez ez dela potentzia futbolistiko handia, eta berdina esan daiteke urtetan izan ditugun bisitariei buruz, Katalunia salbu (zelako ironia). Beste patxanga bat? Ez, mesedez.

Eta garrantzitsuena: asperdura politikoa. Erreibindikazioz beteriko jaia zena folklore hutsa bihurtu da azkenean. Esan ziguten ezin zitzaiola selekzioari boikotik egin, harrobiko futbol taldeek ez zutela dirurik jasoko bestela. Txintxoak ere izan behar ginen eta bengalarik ez piztu, nazioarteak ongi hezituriko futbolzaleak baino ez omen baititu ametitzen. Esan ziguten, eta hau bai begibistakoa zela, partidu hau bulegoetan jokatzen zela. Bulegoetan, ordea, deus gutxi egin dute Ajuria-Eneako poltronetan ipurdia berotzen dabiltzan horiek. Ondorioz, boikota berez etorri da, inolako deialdirik gabe.

oreotuzar

Gabonetako partidua hil da, Gernikako Estatutua bezainbeste, denbora kontua zen jendeak bizkarra ematea. Hori bai, batzuen interes ekonomikoak babesteko eta besteen autojustifikazio politikorako beta ponposoa den bitartean iraungo du, berdin-berdin, gabonetako patxanga honek.

Batetik, marmotaren eguna oroitarazten digutelako Urkullu eta Zupiria bezalakoen hitz hustuek. Gainera, Aduriz eta Toquerok San Mamesek erakutsi zuen giro penagarria argi eta garbi salatu bitartean, ETB 1-eko kazetariak egoera leuntzen zuen Zupiriaren aurrean, esanez “jendeak erantzuten jarraitzen duela” (kokatxoak gureak dira). Itsu batek ere iger zitzakeen harmaila hustuak eta giro eskasa baina nagusiaren aurrean otzan jokatu beharra dago. Kazetaritza independientea, zer arraio!

Zeren harmailetan bi gauza deigarri egon ziren. Batetik, EGI-koen ofizialtasunaren aldeko pankarta (ignifugoa ote, Urrutia?) eta ELA-koen tifo kaseroa erresidentzietan aurrera eramaten duten borroka bistaratuz. Bestela, hotza, hotz izugarria.

Bestetik, hain zaila ote da FIFAren datekin bat patxanga bat antolatzea, luze jo gabe, 2017. honetan? Kataluniak erreferenduma iragarri duenez, gainera, aurkari aproposena litzateke; are, punta-puntako jokalaririk ezean ezin al dute bigarren edo hirugarren mailakoek jokatu? Are gehiago, amateurrak! Finean, politikoa den partidu-patxanga hau despolitizatu eta otzandu nahi dutenei aurpegian ematea litzateke.

Izan ere, selekzioa preso dute. Ez soilik FIFAk, Espainiak eta Frantziak. EAJ-PNV-k beren zerbitzura du kateatuta selekzioa, bere politika “paktisten” ondorio besterik ez da, eta berdin iraungo du desobedientzia ekintza txikienarik ezean. Jakin badakigu, ordea, batzokian zer pentsatzen duten desobedientzia zibilaz. Grezian berriki atxilotutako bi euskal herritarren aurrean legeak baino ez dituzte goraipatu Alemania nazian esaneko morroiak ziratekeen horiek.

Bitartean, Ortuzarrek jarraituko du “esperaba más afición. El año que viene más y mejor. Gora Euskadi askatuta!” txiokatzen eta Urkulluk El País-en independentzia ezinezkoa dela esaten. Uler bedi Euskal Herriaren (edo Euzkadiren, bost axola) independentzia. Espainiak jarraituko baitu EAE-ko autonomia txikiena ere ezbaian jartzen, azken egunetan lan orduekin egin bezala. Baina lasai egon zaitezkete, AHTa gure hiriburuetara helduko bada lurpetik egingo du. Hori bai dela posible, negozioa tartean baita.

Anuncios