Elkarrizketa: Gazte Harmaila

Hona hemen gure harmaila eta masa sozialaren etorkizuna, egun 324 sektorean kokatuak. Ideiak argi eta garbi, gauzak egiteko gogoekin datorren belaunaldi berria dugu ate joka. Uzten badiete, jakina.

17SIeyFe_400x400

Gazte Harmailaren ekimenak oso harrera ona izan zuen hasieran, San Mameseko abonoen buelta hainbeste urtetan zehar aldarrikatu eta gero.  Espero zena bete da? Kanpotik, erdipurdi geratu dela ematen du.

Gazte Abonoaren aurkezpenak oso harrera ona eduki zuen hasiera batetik, izan ere zelai berriaren inaugurazioaz geroztik askori San Mamesera joateko aukerak asko murriztu baitzitzaizkigun. Abonoak kentzeak eta prezioen sekulako igoerak ez du bat ere lagundu. Hala ere, zelai zaharrean ere gazteen asistentzia gero eta gehiago jaisten hasia zen, izan ere ggazteentzako sarrerak hamalau urtetara arte soilik erosi ahal ziren, hortik gora prezioa dezente handitzen zen.

Behin abonoak jaso genituenean ICHHko kide batzuekin bildu ginen gure egoera azaltzeko eta nolabait aholkua eskatzeko, haiek jada birkokapenarekin esperientzia zeukatelako. Lehenengo partiduan egoera aztertu genuen, ea zenbat geunden, adina, predisposizioa… eta 400 eskuorri banatu genituen harmailakoen artean. Bertan azaltzen genuen nola animazio foku bat bultzatu nahi genuen eta horretarako partaideak behar genituela. 900etatik 700 abono aldera saldu omen zirenez (ez digu inork zehazki informazio hori helarazi) hasiera batean harmailako goiko ilaretan kokatzea aurreikusten genuen, gehienbat ingurukoekin liskarrik ez edukitzeko, izan ere ez delako leku aproposena partidua zutik eta animatzen ikusteko.  Hasiera guztiak zailak badira ere, lehenengo bi-hiru partiduetan 30-40 gazte batzea lortu genuen, arrakasta itzela eskura geneuzkan medio prekarioekin. Hala ere partiduak aurrera joan ahala egoera okertzen joan da, eta horren koxka izan daiteke ez daukagula leku finkorik harmailan denok batera egoteko, eta horri gehitu beharko genioke klubak gonbidapenak ematen dituela goiko ilara horietarako. Hala ere, helburua lortzearen bidean, herri harmaila duina, espero dugu hurrengo urtean jarraipena egotea, behintzat abonatuaren figurari dagokionez.

Hala ere ozen aldarrikatzen dugu gure lekua ez dela hego goi tribunan, baizik eta ICHHren barruan, fondo batean. Honelako partxeek ez dute daramagun egoera kaxkar hau aldatuko.

Denboraldia, kirol arloan, kaxkarra izan da, Gazte Harmailaren hasiera ahultzen. Taldearen egoera albo batera utzita, zuen kokapena ICHH barnean balego gauzak hobeto joango zitzaizkizuen?

ICHHren barruan egoteak erraztuko lizkiguke gauzak, argi dago. Partidu oro lekualdaketak pairatzen ditugu hauek zutik eta animatzen ikusteko, gaur egun horretan dabilen bloke bakarra 110 delarik. Aurretiazko esperientzia ere ez daukagu, ezta klubarekiko harremanik ere, beraz banderak, pankartak.. sartzeko ez daukagu inolako mediorik gaur egun. Peñen taldean sartu omen gaituzte bloke osoari, galdetu barik. Azpiegitura sortzeko ahaleginetan gaude, baina zaila da. Partiduren batean ere trabak jarri dizkigute peñen bandera handiak mugitzeko ere, ez daukagulako baimenik.

Azkenean, ICHHren helburu bera daukagu, San Mamesek merezi duen herri harmaila lortzearen alde, fondo batean atearen atzean. Talde guztiek daukate bat, ezinbestekoa da.

Zutik, kantuka eta saltoka, antzina legez. Iparraldeko harmailatik gazte multzo bat nabaritzen da banderak eskuetan. Zenbatek osatzen duzue talde aktibo hori? Nolabait antolatzen zarete?

Azken aldian 10-20 pertsonako  taldetxo bat egon ohi gara goiko ilaratan, beti ere jendea batzera animatzen dugularik. Partidu batzuetan animosoago agon gaitezke eta gehiago izatekotan nahikotxo entzuten zaigu, beste batzuetan aldiz ez dugu maila ematen… Komunikazio kanal basikoak erabiltzen ditugu ohiko taldekideon artean, egoera zein izango den aurreikusteko, nortzuk goazen jakiteko, jada zelai barruan nor dagoen jakiteko…

Twitter kontu bat ere ireki genuen mezu orokorragoak zabaltzeko eta kasu batzuetan funtzionatu du. Hala ere, edozer nahi duen edonork badaki non aurkituko gaituen partidu oro, etortzea besterik ez dauka, gonbidapena luzatzen diogu.

Eseritako jende multzo handi bat ere ikusten da zuen sektorean. Egia esan, gehiengoa dira. Aldaketa giza-ekonomikoek, kulturalek edo belaunaldiei dagozkienek eraginik izan dezakete hainbeste gaztek gure harmaila kultura ez jarraitzeko orduan? Arazorik sortu al da partidak zutik ikusteagatik? 

Orain arte ez dugu arazorik eduki gai honi dagokionez, aurretik aipatutako behartutako lekualdaketez haratago. Askotan familiako ohitura izan daiteke, ez da berdina koadrilakoekin joatea futbolera edota gurasoekin. Bada, askotan ume taldetxoak daudenean harmailan igotzeko esaten diegu eta animatu ohi dira.

Bestalde, gizarte arazo bat ere bada, bizitza ulertzeko beste ,modu bat. Ez dauka zer ikusirik 80ko hamarkadako gazteri borrokalariarekin, gaur egungo gazteria oso gazteri erosoa da zentzu askotan eta honakoa ere zelaian islatzen da, gazte zein helduetan. Gure kasuan ezin dugu ulertu futbolera joan eta apatiko egotea, izan ere horrela egoteko nahiago dugu lagunekin egon tabernan trago batzuk hartzen partidua ikusi bitartean, askoz erosoago, hainbeste debeku barik eta kalitate hobean.

Gezurra dirudi nola duela urte batzuk kasik jaitsi ginen bigarren mailara eta zelaiak sekulako animazio eta leialtasun lezioa eman zituen bi denboraldi horietan  zehar eta orain ez garen kapaz zelaia betetzen UEFAko final laurdenetan Sevillaren aurka edota kopako finalerdietan Espanyolen aurka… eta ez dugu hitz egingo partidu aurreko giroaz…

Adinari dagokionez gure apostua herri harmaila da, gaztetasunak ez du guztiz determinatzen animazio maila. Gure inguruan begiratzeari besterik ez dago, gazteez inguratuta eta askok mugikorrarekin WhatsApp edo Instagram bzalakoekin partidu osoan zehar, gure gaur egungo pipak, alegia.

Tribuna VS harmaila, betiko kontua. Nola ikusten da futbola hain goitik, eseritako jendez inguraturik? ICHH entzuten da? Eta 124 eta gainontzekoak?

Konparaezinak diren bi mundu dira, Athleticen kasuan nabariagoa dena zelai berriaren eraikitzearen geroztik. Gainera, Gazte Harmailaren egoera ere oso arraroa eta ezohikoa da. Ezin da hain errotuta dagoen giro falta arazoa konpondu nolabaiteko partxe honekin, goi tribuna bateko blokea erabiliz. Inguruko jendeak beste modu batean ulertzen du futbola, eta gainera, ez da bideragarria.  Imajina ezazu 700 gaztak zutunik jarriko bagina, kaosa izango zen!

Gainera ICHHtik oso urrun gaude, eta askotan gertatzen zaigu abestiak jarraitu ezin izana, edota jendea txalotzen ikusi eta ezin ezberdindu abestiak. Zaila izaten da konplizitate hori bilatzea. Aukera egongo zen 80-90eko hamarkadan bezala bi fondo garrantzitsu edukitzeko eta haien arteko inerakzioa bilatzeko, baina nahiko arazo ditugu bat sortzearekin. 124ari dagokionez nahiago “pasapalabra” egitea, nahiz eta hor tinko jarraitzen duten 25-50 pertsonek gure begirune guztia merezi duen.

Gazteak izanda, klubaren masa sozialaren etorkizuna zarete. Halere, trabak besterik ez dituzue aurkitzen parte izateko. Besteak beste, adin konkretu bat beteta, kanpoan geratuko zinatekete. Zein irtenbide jarriko zenituzkete mahai gainean? 

Epe laburrean Gazte Abonoa mantentzea gustatuko litzaiguke, behintzat figura, izan ere helburua epe luzean herri harmaila duin bat lortzea baita. Hala ere ez daukagu honen inguruko berririk.

Ikusten dugun irtenbide bakarra egoera aldatzeko eta klubari helaraziko geniona honakoa da. Erreserbatzea espazio handi bat urteroko abonatuentzako eta nahi duten bazkideentzako ume, gazte eta helduentzako, denontzako eskuragarriak diren prezioekin,; izan ere animatzeak ez dauka adinik. Hurrengo hauteskundeetan gai honek merezi duen presentzia edukitzea espero dugu.

Nola ikusi da azken urtetako herri harmailaren aldeko aldarria? Isiltasun informatibotik nolabaiteko arrakasta lortu eta aldarrikapena mahai gainean egotera pasatu gara, gero eta babes gehiago lortzen. Lortuko dugu?

Askotan damutzen gara aurretik presioa egin ez izanagatik, oraindik lekualdatzeak eta estadioaren proiektua egiten zen bitartean. Orain egoerari buelta ematea zaila suertatu daiteke, baina ez ezinezkoa. Horren hamaika adibide ditugu lehenengo mailan, emaitza oso onekin. Ez gara urrunera joan behar gainera hauek ikusteko, Euskal Herriko zelaietan ere gauzak mugitzen hasi baitira. Partidu oro 8000 eserleku aldera hutsik egoten dira, hor egon daiteke gakoa.

Harmailari dagokionez ezin diogu ezer aurpegiratu, Athleticen alde egiten dute dena, taldearen onerako. Oraindik gogoratzen dugu nola hego harmailara mugitzeko prestutasuna erakutsi zuten 10 miloi baino gehiago kostatu duen estalkia aurrezteko, baina “segurtasunagatik” ez zen egin. Hala ere oraindik nahiko estigmatizatuta dagoen sektore bat da zale batzuentzako, akaso mobilizazio agente oso garrantzitsua delako. Denak dauka erlazioa bere horretan, eta horren adibidea bi harmaila sortzea ere bada, bakarra eta handiagoa egin beharrean. Aurrerapausoak ere egon dira, eta lehen aipatu legez espero dugu hurrengo hauteskundeetan garrantzizko gaia izatea. Hala ere zuzendaritza honen partetik ez dugu ikusi hobetzeko intentziorik, eta soilik eskuetatik ihes egin zaionean egoera Gazte Abonoa bezalako partxeak aurkeztu ditu irtenbide gisa. Balentria gehiago behar da. Guk asko insistitzen  dugu harmailaren beharraz, eta gure Twitterean islatzen dugu mezu guztiak #HerriHarmailBeharDugu traolarekin bukatuz.

Akaso aukera ona galdu genuen presioa egiteko Bilbao Athleticek San Mamesen jolastu zuenean… baina gaur egungo egoera sozioekonomikoarekin astero futbolean egotea zaila da.

Anfieldeko The Kop, Dortmundeko Sudtribune edota auzotarrak diren  Gasteizko Iraultza1921ko harmailak ikustean inbidia izugarria sentitzen dugu. Hala ere gaia San Mamesera heltzerakoan guztiz hozten da.

Animazioa da dugun arazotako bat, ez bakarrik adina, kokapena edo harmaila txikiagatik. Hobetu arren, hobekuntzarako tarterik bada oraindik. Zein da giltza? Zer gertatzen zaio San Mamesi?

Arrakastaren gakoa batasunean dago. Estadio osoan zehar hiru gunek animatzen dutela esan genezake, bakoitzak bere neurrian, eta denak batera egotea ezinbestekoa da. Tinko mantendu behar gara geurean eta presioarekin jarraituz, modu bakarra baita. Gure Errealeko auzokideak edota Girona, Leganes bezalako taldeak nola antolatzen ari diren ikusten gaude, inbidia handiarekin gainera. Gu ezin gara atzean gelditu, izan ere nahikoa potentzial daukagu fondo oso bat betetzeko.

Prezio herrikoiak eta gaztez beteriko herri harmaila zabala eta bakarra, hori da zurigorri askoren ametsa, nahiz eta zurigorri hoiek gutxitu edota baztertuak izan diren azken hamarkadetan. Badirudi Athletic ulertzeko era bakar bat dagoela; horrekin bat ez eginez gero antiathletic bihurtzeko arriskuarekin. Aurreiritzi hauek nabaritzen dituzue zuen inguruan eta bereziki zuen belaunaldian?

Kasik egunero “nostalgiko” edo antzeko etiketak entzutera ohitu gara, baina guk ez dakigu futbola beste modu batean bizitzen! San Mmesera animatzera, abestera, saltatzera, golak ospatzera, banderekin, ikurrinekin, bufandekin… joatea gustuko dugu! Ingalaterran oso ezaguna den “Football without fans is nothing” esaldiak gure ikuspegiarekin guztiz dator. Harmailetan guztiontzako lekua egon behar du, hintxentzako eta baita beste motako zaletuentzako, betiko hintxak vs bezeroak. Hala ere, aipatu behar dugu zuri eta beltz eskala hauen artean gris tonalitate asko daudela eta beste espektro batzuk ere kontuan hartu behar dira. Guk gure leku historikoa aldarrikatzen dugu, San Mamesen dagokiguna.

Gaur egungo animazio harmailak. Ultrak ahultzeko produktu bat, bezero berriak eta ipurtzuriak lortzeko bide ona zuzendaritza taldeentzako? Zer pentsatzen duzue? 

Zer da animazio harmaila bat? Nola ulertzen dute zaletuek honakoa? Akaso beharrezkoa da zelaian talde bat egotea 90 minutuz animatzen egon behar dena taldeko koloreekin jantzita beste zaletuakak gozarazteko? Honaino heldu da gaur egungo futbol modernoa? Gure partetik diogu pasioa bat batekoa dela, erabat espontaneoa. Herri harmaila izango da gure apustua beti, bakoitzak futbola bere modura ulertzen du.

Hala ere, egoera aztertuta posible da, kluben norabide eza ikusita hauetara egokitu behar izatea geroago gure esparrura eramateko. Egoera kontrolatu behar da, ez gara inoren bufoi edota cheerleaderrak, hintxak gara! 

Honelako animazio harmailen aurka, Celticen safe standing-en adibidea eta eredua, liga germaniarra eta Sankt Pauli betiko aitzindari eta erreferenteak daude. Zer uste duzue? Bilbon ezar daitezkeen ereduak dira? 

Aspaldi bezala erreferentea St. Pauli da, bai animazioaren aldetik baita beste esparruen kudeaketagatik (baloreengatik, merchandising, zaletuenganako errespetua… ), Alemaniako liga ezberdina da oso. Futbola ulertzeko modu ezberdinei irtenbidea bilatu diete, denek daukate haien espazioa, eta beldurtzen gaituena, kapitalismo basatiaz baliatuta. Glasgown, bestalde, Celtik betiko erreferentea dugu, antzekotasun handiak ditugu haiekin eta erlazio ona. Nahiz eta zelaiko giroa nahiko ona izan den beti, Green Brigadeko harmaila handitu dutenetik “safe standing” metodoarekin asko hobetu da. Ligan zaletu talde batzuk antolatzen omen daudela ere irakurri ahal izan dugu haien estadioen berrikuntzetan, ikusiko dugu noraino heltzen den.

Celticeko egoera oso garrantzitsua da, izan ere Uharteetatik datozkigu zaletuenganako legerik errepresiboenak historikoki, Tacherismotik hona. Premierreko hainbat zaletu talde bildu dira eta sinadurak bildu omen dituzte Parlamentura helarazteko helburuarekin.

Ligari dagokionez egoera ezberdina da, arauak gero eta zorrotzagoak dira: estadioetarako sarrerak, hatz kodearen inplantazioa, “segurtasuna”, alkoholaren kontsumoa (ejem… En el anillo centraaaaaal, ene l anillo centraaaaaaal…) eta Ligako eskuin muturreko presidente honekin ez dakigu (edo hobe esanda ez dugu imaginatu nahi) noraino heldu gaitezkeen. Mugitzen hasi beharko gara, eta Athletic bera ere, bere zaletuengatik borrokatu behar du, bere altxorrik preziatuena baikara. 

Zuen adineko gazte askok bere herriko taldea animatzea erabaki dute, besteak beste,  Deusto, Lemoa, Erandio edo Mungia, eta zenbaki onetan gainera. Zaleak galtzen ari al da Athletic? CAP moduko talde baten hazia hor legoke?

G.H.: Oso gai interesgarria da eta esan dezakegu nahiko berria gurean, nahiz eta auzo/herriko taldea ikustera joateko ohitura antzinatik datorren, lehen zelai guztiak betetzen zirela. Hala ere, futbola ikusteko beste modu bat dela deritzogu, lagunen artean, hainbeste arau murritzaile barik, familia artean, jolasteko beste modu bat, animatzeko erraztasun gehiagorekin… aipatutakoak baino askoz adibide gehiago ditugu. Hala ere, ez dugu uste esaterako CAP Ciudad de Murcia, Unionistas de Salamanca edo horrelako taldeekin gertatu denarekin alderatu dezakegunik, beste egoerak eman behar izan dira hauek sortzeko. Athletic oso errotuta dago hemen, inkluso ezberdinen arteko topagune dela esan dezakegu, Bizkaiko eta beste maila batean Euskal Herriko gizartean pisu handia dauka, eta honakoa aginatriek ere badakite. “Against Modern Football” esaldia beste modu batean planteatuko genuke gure taldearen kasuan, beste borroka moldeekin. Hala ere, UC Ceares bezalako taldearen homologoa sortzea oso posiblea da.

Denborarekin ikusiko da etorriko diren agintariek noraino tentsatuko duten soka, noraino aguantatzeko prest gauden gu ere. Gure partetik behintzat asko dugu esateko oraindik, asko borrokatzeko hainbeste maite dugun gure taldearengatik, eta honakoa, izan ere, soberan dugu, Athleticenganako maitasuna.

Zein helburu duzue datorren denboraldirako? Sare sozialetan agertzeaz gain, eranskailuak edo bestelako materiala ateratzeko ideiarik? 

Helburua epe laburrean denboraldiari merezi duen bukaera ematea da, akaso sopresaren batekin. Gazte Abonoa mantentzea ere aurreikusten dugu, baina ez egoera makilatzeko aitzaki gisa eta zelaiko asistentzia egonkor mantentzeko, baizik eta abonatuaren irudia berreskuratzeko aurreneko pausu gisa, ezin dugu jarraitu partxeak jartzen tiritak balira bezala.

Merchandisingari dagokionez, edozein pegatina edo bestelako produktua atera aurretik oinarri bat sortu eta finkatu nahiko genuke, hurrengo pausuei jarraitasuna emateko. Hala ere, honakoa luzerako ikusten dugu gaur egungo egoera ikusita, izan ere taldea handitzea behar da, honakoa barik Gazte Harmailak bizirauko ez delako, alegia.

Azken helburua, Talde honek merezi duen herri harmaila duin bat lortzea! 

Amaitzeko. 3 hitzetan laburbildu dezakezue denboraldi hau Gazte Harmailan?

Erronka, ilusioa, trabak.

PD: Ez genuke honako elkarrizketa hau bukatu nahi Ligako bigarren zatiko partidu hauetan gugana gerturatu diren gazte guztiei eskerrak eman barik, hamaika traba aurkitu badituzte ere, gora zuek!

Oraina eta etorkizuna gara! San Mames berpiztuko dugu! PITU, GOGOAN ZAITUGU!

“…zure alboan egongo gara, gaurtik, azken egunera!!”

HERRI HARMAILA BEHAR DUGU! 

Anuncios